Garrantzitsua, bultza dezagun zahartze aktibo eta osasungarri bat!

Hagoan Nutrizioa eta Osasuna webguneko blogean estreinatzen naiz! Adineko helduak, egoera nutrizionala, masa muskularra eta ospitalizazioaren inguruan arituko naiz oraingoan. Gai hauek nire doktoretza tesian lantzen dira eta, beraz, 5 urte horietan zehar arlo horietan murgilduta egon naiz.

Azken urteotan haurretan gain-pisuak eta obesitateak izan duten gorakada ikusita, garrantzi handia eman zaio haurtzarotik bizi-ohitura osasungarriak irakasten hasteari (honetaz hitz egiten du Lidek webguneko blogeko bere lehenengo sarreran!), adin horietan dugun bai egoera nutrizionalak baita egoera fisikoak ere, hein handi batean, heldu gareneko osasuna baldintzatu dezakete eta. Hala ere, iruditzen zait, gero eta gehiago jabetzen garen arren, helduaroan sartzen garenean ez diegula horrenbesteko garrantzirik ematen ditugun bizi-ohiturei gure bizitza baldintzatuko duen egoera kliniko akutu edo kroniko bat agertzen den arte, eta hori logikoa da! Baina egoera kliniko horiek gertatu ezean, ez gara erabat jabetzen gure elikadura ohiturek eta/ edo jarduera fisiko ezak gure zahartze-prozesuan duten eraginaz. Izan ere, zahartzea momentu honetan gertatzen ari den prozesu bat da eta ezin izango dugu saihestu. Beraz, haurtzaroan bizi-ohitura osasungarriak lantzen hastea bezain garrantzitsua da helduaroan ere lantzea zahartzaro osasungarri bat eta bizi-kalitatea bermatzeko helburuarekin.

Jakina da biztanleri-piramidea alderantzikatu egin dela azken urteotan, eta Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) 2050.urtean 60 urtetik gorako pertsonen kopurua bikoiztu egingo dela aurreikusten du (1). Hala ere, bizi-itxaropenaren hobetzea ez dator bat bizi-kalitatearen hobetzearekin. Europako 14 herrialdetan burututako ikerketak baten arabera, 65 urte edo gehiago zuten pertsonen %50a gutxienez 2 gaixotasun kroniko edo gehiagorekin bizi zen (2). Hau, neurri batean, zahartze-prozesuaren berariazko ondorio bat izan daiteke, aldaketa biologiko eta fisiologiko asko eragiten baititu zahartze prozesuak berak. Eta honen ondorioz, adineko helduak zaurgarriagoak dira gaixotasun akutu eta/edo kronikoen garapenarekiko, eta ondorioz ospitaleratzeari begira ere. Zahartze-prozesua saihestezina bada ere, bizi-ohituren bitartez besteak beste, nolabait gure zahartzaro prozesua moldatu dezakegu, hau da, adineko heldua izatera bizi-kalitate hobeago edo txarrago batekin iristea baldintza dezakegu. Hemen sartzen da nutrizioaren eta ariketa fisikoaren garrantzia. Gero eta ebidentzia zientifiko gehiago dago nutrizioa, masa eta indar muskularra, eta egoera fisikoaren arteko erlazioa azpimarratzen dutenak adineko helduetan. Egoera nutrizional txar batek malnutrizioa ekar dezake, eta honen ondorio kritikoenetako bat masa muskularraren galera da. Gainera, honi adinaren berariazko eraginez gertatzen den masa eta indar muskularraren galera fisiologikoa gehitzen badiogu, egoera larriagotu egiten da gure bizi-kalitatea mugatuz. Ahultasun muskular horrek eguneroko jarduera arruntak, hala nola janztea, aulkitik altxatzea, ibiltzea, erosketak egitera joatea, etab. mugatu ditzake, eta ondorioz era berean, ospitaleratze-arriskua, pronostiko kliniko okerragorako arriskua eta/edo heriotz-arriskua ere areagotu egiten dira.

Malnutrizioa gutxiago garatutako herrialdeetan maiztasun handiagorekin gertatzen den zerbait dela pentsatu dezakegun arren, Europan burututako ikerketa baten arabera, adineko helduen %23 malnutrizio-arriskuan zegoen (3). Are gehiago, Toledon egindako ikerketa batean, ebaluatutako adineko helduen %15 eta %12.6 malnutrizio-arriskuan zeuden edo malnutrizioa zuten, hurrenez hurren (4). Euskal Autonomia Erkidegora are gehiago hurbilduz, nire doktorego tesian Gasteizko Santiago Ospitaleko barne-medikuntzako zerbitzuan ospitaleratzen ziren 75 urte edo gehiago zuten adineko helduen egoera nutrizionala aztertu genuen. Ebaluazio nutrizional horrek ospitalizaturik zeuden adineko helduen %66 malnutrizio-arriskuan zegoela edo malnutrizioa zutela isladatu zuen (5). Malnutrizioaren kausa multifaktoriala izan daiteke, hau da, hainbat faktorek parte hartu dezakete malnutrizioaren garapenean, baina arrazoia edozein dela ere, ospitaleratzean malnutrizio-arriskuan egotea edo malnutrizioa izatea ospitaleko egonaldi luzeagoekin eta berriz ospitaleratzeko arrisku handiagoarekin erlazionatzen da, eta gaixotasun, interbentzio kirurgiko edo haustura baten ondorengo errekuperazioa zailtzen du. Gainera egoera horietan oso garrantzitsua bilakatzen da masa muskularrari ahalik eta gehien eustea, eta hau zaildu egiten da bai aipatutako egoera nutrizional oker horiengatik eta bai ospitalizazioan zehar, oro har, gutxi mugitzearekiko dagoen joeragatik ere. Guzti honek gurpil-zoro bat elikatzen du, gure bizi kalitatea pixkanaka okertzen duena.

 Beraz, blogeko lehenengo sarrera honetan, amaitzeko, nabarmendu nahi dut, batez ere, oso garrantzitsua dela gure bizi ohituretan lan egitea ohitura horiek osasungarriak izan daitezen, gure egoera nutrizionala eta fisikoa ahalik eta gehien bermatzeko gure bizitza osoan zehar. Guzti honen helburua zahartzarora bizi kalitaterik eta bizitasunik onenarekin iristea da gerta daitekeen edozein egoerari aurre egiteko. Zentzu honetan, indarrezko ariketak gure aliaturik onenak dira, eta nutrizioari dagokionez, baliteke une jakin batzuetan eta bakoitzaren egoeraren arabera proteina-ekarpenari arreta berezia jarri beha izatea. Horrela, blogeko etorkizuneko sarreren spoilerra egin gabe, hurrengora arte agurtzen naiz, zahartze aktibo eta osasuntsu baten alde!

ERREFERENTZIAK

(1)World Health Organization. Ageing and health. 2021 2021. https://www.who.int/newsroom/fact-sheets/detail/ageing-and-health.
(2)Sheridan PE, Mair CA, Quinõnes AR. Associations between prevalent multimorbidity combinations and prospective disability and self-rated health among older adults in Europe. BMC Geriatr 2019;19:1–10. https://doi.org/10.1186/s12877-019-1214-z.
(3)Leij-Halfwerk S, Verwijs MH, van Houdt S, Borkent JW, Guaitoli PR, Pelgrim T, et al. Prevalence of protein-energy malnutrition risk in European older adults in community, residential and hospital settings, according to 22 malnutrition screening tools validated for use in adults ≥65 years: A systematic review and meta-analysis. Maturitas 2019;126:80–9. https://doi.org/10.1016/j.maturitas.2019.05.006.
(4)Rodríguez-Sánchez B, Sulo S, Carnicero JA, Rueda R, Rodríguez-Mañas L. Malnutrition prevalence and burden on healthcare resource use among spanish community-living older adults: Results of a longitudinal analysis. Clin Outcomes Res 2020;12:355–67. https://doi.org/10.2147/CEOR.S256671.
(5)Amasene M, Besga A, Medrano M, Urquiza M, Rodriguez-Larrad A, Tobalina I, Barroso J, Irazusta J, Labayen I. Nutritional status and physical performance using handgrip and SPPB tests in hospitalized older adults. Clinical Nutrition 2021;40:5547-5555. https://doi.org/10.1016/j.clnu.2021.09.034.