Hobetu al dezake heziketa nutrizionalak haurren osasuna?

Inoiz ez da berandu elikadura-ohiturak hobetzen hasteko. Baina, honetarako aparteko momenturik egon balego, hau haurtzaroa litzateke.

Beste edozein ohiturarekin gertatzen den bezala, txikiak garenean elikadura-ohiturak barneratzea errazagoa egiten zaigu, modu naturalago batean egiten baititugu gure. Ohitura bat, azken finean, jarrera jakin baten errepikapena da. Honek hasieran ikasketa eta lanketa prozesu bat duen arren, modu natural baten egitera iristen gara. Haurtzaroa ikaskuntza-etapa garrantzitsuenetako bat izatean, gure haurrak bere bizitzan zehar elikadura osasungarri bat izan dezan heziketa-nutrizionalarekin hasteko une paregabea da.

Gure haurrak elikagai mota desberdinak jan ahal izango dituen arren, heziketa-nutrizionalak bere osasunarentzako egokiak diren elikagaiak lehenesten eta hain osasungarriak ez direnak murrizten irakatsiko dio. Prozesu honetan zehar haurrak heziketa jasotzea besteko garrantzitsua da familiaren partehartzea; izan ere, adin hauetan gurasoak dira, hein handi batean, haurraren elikaduraren inguruko erabakiak hartzen dituztenak.

Euskal Herriko Unibertsitatea eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren eskutik heziketa-nutrizionala eta bizi-ohitura osasungarrien sustapena ardatz zuten ikerketa proiektu desberdinetan parte hartzeko aukera izan dut. Nutrizio saioetan egindako lanketari esker, haurrek elikaduraren inguruko ezagutzak lortzeaz gain, elikadura-ohiturak hobetzen zituzten, baita berain osasun-parametro desberdinak ere.

Nire doktorego-tesiaren oinarri izan den proiektu nagusian gainpisua edo obesitatea zuten 8-12 urte bitarteko ehundik gora haur eta hauen familiak izan ziren protagonistak. Guztiak 22 astez bizi-ohitura osasungarrietan oinarritutako programa familiar honetan aritu ziren. Elikadura-ohituren lanketa hau taldekakoa zen; batetik, haurrentzako saioak, dinamikak eta sukaldaritza tailerrak genituen, eta bestetik, gurasoei egokitutako saioak. Horrez gain, programa guztian zehar, bizi-ohituren aldaketa prozesuan aurki zitezkeen oztopoak aztertu eta jarrerak bideratzeko psikologoen kolaborazioa izan genuen.

Interbentzio ondorengo balorazio nutrizional eta klinikoa gauzatu genuenean, datuek hilabete haien ondorengo emaitzak arrakastatsuak izan zirela zioten! Elikadura ohiturei dagokienez, programaren amaieran haurrek gantz, gehitutako azukre eta azukredun edari gutxiago kontsumitzeaz gain, fruta eta barazkien kontsumoa modu esanguratsuan areagotu zuten! Osasun arloari erreparatuz, azterketa klinikoek haurren gorputzeko gantz-masa indizea eta abdomeneko gantza murriztu zela adierazten zuten, baita intsulinarekiko erresistentzian murrizketa bat egon zela ere. Emandako aldaketa positibo hauek patologia kardiobaskularra, gibel-esteatosia edo diabetea bezalako gaixotasunen prebentzioan laguntzen dute, besteak beste.

Beraz, honenbestez, BAI, heziketa nutrizionalak zure haurraren osasuna hobe dezakeela ziurta diezazuket.

Etxeko txikiek elikadura-ohitura osasungarriak barneratu ditzaten heziketa nutrizionalaren alde egitea nahi baduzu, lagundu zaitzakegu. Informazio gehiagorako jar zaitez gurekin harremanetan https://hagoannutrizioa.com/kontaktua/ edo eskatu zure hitzordua : https://hagoannutrizioa.com/es/cita/